.

.
Mostrando entradas con la etiqueta Askafe-ko ertza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Askafe-ko ertza. Mostrar todas las entradas

2016/10/20

Alluitz:1.034m | Labar txikietako ertza. (Eskalada klasikoa).

Oraindik badauzkagu altxor ederrak gure mendietan, Alluitzen hain zuzen. Iparrerantz ematen duen aldean ondo gordetzen den ertz estetiko eta basatia. Eskalada klasikoan egiten den igoera ederra.

Kostatu da, baina kanalaren izena berreskuratzea lortu dugu. Askok Askafe moduan ezagutzen duten leku edo atala, halaxe izendatzen baitu Antonio Ferrer mendizaleak "Crestas del Duranguesado" liburuan. Sagasta eta Axpeko auzoekin hitze egin, eta toponimia berreskuratzeko ahaleginean nabil. Gure baso eta mendietan arbasoek erabilitako izenak berreskuratzeko ahaleginetan. Horregatik, Askafe izena alde batera utzi, eta "Labar txikiak" deituko diogu paraje honi, bere jatorrizko izena baita.

Orduak bota ditut Ferrer eta bere lagunak "Askafe" moduan izendatutako kanalaren babesean, ertzaren aukerak ondo aztertzen. Ertza, Artola-ko lepotik Alluitzera doan bidearen eskuinean aurkitzen da. Labar txikietako kanala-ren ezkerreko horma hain zuzen. Urrunetik oilar gandorra itxura duen ertz estetikoa. 


Igoeraren deskribapena:Ertzaren oinarrira heltzeko aukera asko daude. Baina ertza ondo hartzeko, Artolako lepotik da igoera zuzenena. 

Lehenengo zatia oso erraz igotzen da, eskuak ondo berotzeko leku apropos eta jolasgarria. 50m inguru aurrerago, eskalatzeko materiala prestatu, eta lehenengo bilera jarriko dugu.

Lehenengo luzea ederra eta jolasgarria. Kareharriz osaturiko bi plaka handi eta ederrak. Interguneak ondo babesten dira arteka-trabagailuak erabiliz. Luzea, lepo itxura hartzen duen zati batean bukatuko dugu. Hemen, bigarren bilera jarriz.

"Aipatzeko, lehenengo luzearen erdialdean, aitzinean erabilitako hiltze zahar batekin topo egin dugula. Hiltzea ez da fidatzekoa, oxidoaren eraginez oso itxura eskasa du eta."


Hurrengo gunea hiru luzetan bananduko dugu. Ertz osoaren eskalada eder eta interesgarriena. 30m inguruko hiru luze ederrak, IV+ graduko intergune ugariekin hornitutako luze politak. Eskalada aurrera doala, intergune edo erresalte batzuekin argi ibili beharreko lekua, kareharri apurtu eta itsusia ugaria baita.

Erabilitako materiala: Kaskoa, arnesa, 60 m soka, arteka trabagailu, trabagailu mekaniko, zintak eta espresak.

Bosgarren bileratik gora ensamble moduko eskaladan segituko dugu. Ertzaren azken zatiarekin gozatuz. Paisaia dotorea Alluitzen bihotzean.. Materiala batu, eta Alluitz tontorrera heltzeko biderik zuzenena hartuko dugu.

Zirkuluan ertzaren kokapena.

Ertza.